Zerga bereziak - Zergahezkuntza
Zerga bereziak
Fabrikazio zerga berezia
Zerga bereziek zeharkako izaera dute, kontsumo berezien gainera erortzen dira eta kargatzen dituzte zenbait ondasunen fabrikazioa, inportazioa eta, horrela gertatuz gero, barne lurralde eremuan sartzea. Fabrikazioaren gaineko zerga bereziak dira honako hauek:
- alkohol eta edari alkoholdunak (garagardoa, ardoa eta edari hartzituak…)
- hidrokarburkoa,
- tabako motak.
Zeharkako beste zergek bezalaxe, azken kontsumitzaileen gaitasun ekonomikoaren zeharkako agerpena kargatzen dute. Zerga azken kontsumitzaileek jasaten dute eta zerbitzua eman duenak kontsumitzaileari kobratu ondoren Ogasunari ordaindu behar dio.
Hidrokarburoen gaineko zerga berezia
Hidrokarburoen gaineko Zerga Berezia zeharkako zerga da eta hidrokarburoen kontsumoen gainera erortzen da (gasolina, diesel erregaia, gasa, biodiesela, bioerregaiak…).
Zergadunek aukera izango dute zerga batzuei ez atxikitzeko (esate baterako, hidrokarburoak erabiltzea findegi batean, hidrokarburoak fabrikatzeko prozesuan) eta zerga batzuetatik salbuetsita izateko (adibidez, erregai gisa erabiltzea aireko nabigazioan edo trenbideko garraioan).
Zerga kalkulatzeko, kontuan izango da produktuen arabera ezartzen dela karga tasa eta bi tarifatan banatzen dira. Zenbateko finko bat ezartzen da mila litro produktuko, tonako edo gigajouleko. Badira tasa murriztuak, esate baterako traktoreen eta nekazaritzako makinen motorretan erregai gisa gasolioa erabiltzeko (“gasolio hobariduna”).
Zergadunak, produktua kontsumitzen ez denean, hura itzultzeko eskubidea dauka; adibidez, fabrikara edo biltegi fiskalera itzultzen baditu zergaren xede diren produktuak, ezbeharren baten ondorioz beste batzuekin nahastu edo kutsatu direlako. Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako gasolioaren edo erabilera profesionaleko gasolioaren zati bat itzultzeko aukera ere badago.
Matrikulazio zerga berezia
Garraiobideren gaineko Zerga (Matrikulazio zerga) kontsumo jakin bati (ibilgailu, urontzi edo aireontzien erosketa) ezartzen zaion zeharkako tributua da. Zenbait garraiobideren behin betiko lehen matrikulazioa zergapetzen du Arabako lurralde historikoan. Zerga hau zeharkako zerga da eta pertsona fisiko eta juridikoek ordaindu behar dute.
Enpresariek edo entitateek, loturarik ezak (kamioi, autobus eta abarri aplikatzen zaizkienak) edota salbuespenak (esaterako, alokatzeko bakar-bakarrik erabiltzen diren ibilgailuei aplikatzen zaizkienak) izan ahalko dituzte, garatzen duten jarduera ekonomikoaren arabera.
Era berean, zergaren likidazioa behar bezala kalkulatzeko aintzat hartu beharko dira karga tasa desberdinak eta garraiobidearen ezaugarrien arabera aplika daitezkeen balizko kenkariak (adibidez, %50eko murrizpena izango du ibilgailu automobilen edukiera homologatua bost plazatik beherakoa eta bederatzitik gorakoa ez denean, gidariarena barne bi kasuetan, eta indarrean dagoen legerian ugaritzat jotzen diren familiek bakarrik erabiltzeko direnean).
Ikatzaren eta Elektrizitatearen gaineko Zerga Bereziak
Ikatzaren gaineko Zerga Berezia zeharkako zerga da. Zerga honek Zergaren lurralde-eremuan Batasunaren barruan ekoiztu edo erauzi, inportatu edo eskuratu ondoren egiten den ikatzaren lehen salmenta edo ematea kargatzen du; eta baita Batasunaren barruko ikatzaren ekoizleek edo erauzleek, inportatzaileek, eskuratzaileek edo enpresariok batzuek ikatza erabiltzea eta kontsumitzea ere.
Zergaren kargatik salbuetsita daude ikatza kontsumorako jartzeko eragiketak, besteak beste, ikatza ondoko erabileretarako denean: etxe eta egoitzetan erregai gisa erabiltzeko. Ikatza honexetarako erabiliko dela pentsatuko da saldu edo ematen zaion kontsumitzailea industriakoa ez denean.
Zergaren zenbatekoa kalkulatzeko tipo desberdinak aplikatu beharko dira, ikatzari emango zitzaion erabileraren arabera (erabilera profesionalak edo bestelakoak).
Elektrizitatearen gaineko zerga berezia zeharkako zerga da eta elektrizitatearen kontsumoaren gainean sortzen da. Fase bakarrean kontsumorako energia elektrikoaren hornidura eta ekoizleek eurek sortutako elektrizitatearen kontsumoa zergapetzen du.
Zergapean ez dago 100 kilowatt energia elektrikotik (kW) beherako guztizko potentzia duten sorgailuen edo sorgailu-multzoaren kontsumoa, eurek sortzen badute. Salbuetsita daude, besteak beste, Espainia ezik, edozein estatutako indar armatuei hornitutako energia elektrikoa, estatu hori Ipar Atlantikoko Tratatuaren kide bada.
Zergaren zenbatekoa kalkulatzeko %85 murrizpena aplikatuko zaio energia elektrikoaren kopuruari, besteak beste, hurrengo erabiletara bideratzen bada: prozesu metalurgikoak; industria-jarduerak, kontsumitutako elektrizitatea produktuaren kostuaren ehuneko 50 baino gehiago bada; edo nekazaritza- ureztapenak. Tipo desberdinak aplikatuko hornitutako elektrizitatea industrian erabiltzen bada edo bestelako erabileratarako.