Sektore Publikoa - Zergahezkuntza
Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Demografia Erronka
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapena eta Foru Administrazioa
Ogasun, Finantza eta Aurrekontuak
Diru sarrerak eta gastuen antolaketa
Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
Sektore publikoa
Edozein egunetan, kalera irten eta ezker-eskuin begira hasten bagara, lehen-lehenik jendea ikusten dugu geure inguruan, pertsonak, soinean arropak dituztela, eta pertsona horiek jan egiten dute, denetariko etxeetan bizi dira, hezkuntza jasotzen dute, zergak ordaintzen dituzte... Gainera, enpresak, denak, bulegoak eta garraio zerbitzuak ikusten ditugu, besteak beste; horiei esker jantziak, janaria eta hainbat gauza gehiago eskura daitezke. Eta, azkenik, "sektore publikoa" esaten zaioneko zerbitzuak daude: anbulatorioa, eskolak, kiroldegia, udaletxea... Horiek gure oinarrizko beharrizanak asetzen dituzte eta bizitza errazten digute.
Pertsonak, enpresak eta sektore publikoa dira ekonomiaren eta bizitzaren protagonistak.
Sektore publikoak eragin handia dauka jarduera ekonomikoan, horretan aritzeko “joko arauak” ezartzen baititu, besteak beste; gainera, aberastasunaren banaketa bultzatzen du zergen, gastuen banaketaren, legeen eta sortzen diren erakundeen bitartez.
Sektore publikoan administrazio publikoa, erakunde autonomoak eta enpresa publikoak daude; hauxe da horien guztien helburua: herritar guztien bizi maila ahalik handiena izatea. Hori lortzeko behar diren erabakiak hartzen dira.
Horrexetan aritzen dira erakunde publikoak, bai Euskal Autonomia Erkidegokoak (udalak, foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritza), bai Espainiakoak, bai Europar Batasunekoak.
Arabako herritarrok jasotzen ditugun zerbitzu publiko gehienak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak ematen ditu. Hala ere, zerbitzu batzuk EAEri esleitutako eskumenetatik kanpo daude edo oraindik Erkidegoak ez du jaso haien gaineko eskumena; zerbitzu horietako batzuk Estatu Espainolak egiten ditu (defentsa, aduanen kontrola...) eta beste batzuk Europar Batasunak (diru politika). Transferitu gabeko zerbitzu publikoek eragiten duten gastua Euskal Autonomia Erkidegoak finantzatzen du Kupoa deritzon diru kopurua ordainduz.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparru juridikoa
Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatu Espainolaren arteko finantza harremanak eta zerga ordainketako harremanak Ekonomia Itunak arautzen ditu. Ekonomia Itunaren oinarrietako bat Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria da; xedapen horretan Konstituzioak foru lurraldeen eskubide historikoak babesten eta errespetatzen ditu. Beste alde batetik, 3/1979 Lege Organikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua ezartzen duenak, onartzen du lurralde historikoetako erakundeek ahalmena dutela beren zerga sistema ezartzeko, mantentzeko eta arautzeko.
Horregatik, foru aldundiek erabateko ahalmena dute beren lurralde historikoan zergak kudeatzeko, arautzeko, ikuskatzeko eta biltzeko. Horiek guztiak, nolanahi ere, zergen arloko koordinazioa, harmonizazioa eta gainerako arau bateratu guztiak aintzat hartuz egin behar dituzte.
Beraz, udalek kudeatzen dituztenak ez beste zerga guztiak foru aldundiek biltzen dituzte. Beste alde batetik, tasa bakoitza zerbitzua egiten duen administrazioak kobratzen du; adibidez, kiroldegia erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak udalek biltzen dituzte.
Sektore publikoko oinarrizko jarduerak:
- Zergak ezarri. Hemen bizi eta lan egiten dugunok ordaindu beharreko zergak Ogasun Publikoak ezartzen ditu. Administrazioek ezartzen dituzten zergak bilduz eskuratzen dituzte beren gastuei (guztiei edo gehienei) aurre egiteko behar dituzten funtsak.
- Araudia ezarri. Pertsona eta entitate ekonomiko guztiek beren jardueretan aintzat hartu beharreko arauak ezartzen ditu. Gobernuak arlo askotako arauak ezartzen ditu; adibidez, lan kontratuei buruzko arauak, langileen eta enpresaburuen eskubideak eta betebeharrak finkatzen dituzten arauak, kutsaduraren inguruko arauak, enpresen arteko lehiari buruzko arauak...
- Egoera ekonomikoa egonkortu. Egoera ekonomikoan zikloak gertatzen dira: batzuetan ekonomia ondo dabil eta beste batzuetan krisian sartzen da; gorabehera horien ondorioz pertsonek desoreka ekonomikoak jasaten dituzte. Gobernuek gorabehera horietatik babestu behar dituzte herritarrak, eta haien ondorioak (langabezia, inflazioa…) jasaten lagundu behar diete.
- Errentak birbanatu. Gobernuak eragina izan dezake errenten eta aberastasunaren banaketan biltzen dituen sarreren eta egiten duen gastu publikoaren bidez. Hain zuzen ere, zerga gehiago kobratzen zaizkie ondare gehien dituztenei eta horrela errenta diferentziak murrizten dira; gainera, biltzen diren zerga horiek gutxien dutenentzako zerbitzuak finantzatu daitezke.
- Zerbitzu publikoak eskaini. Erakunde publikoek eskaini behar dizkiete herritarrei enpresa pribatuek errentagarritasun ezagatik eskaintzen ez dituzten ondasun eta zerbitzu guztiak. Ondasun eta zerbitzu horiek publikoak dira; beren ezaugarri nagusietako bat da pertsona askok erabil ditzaketela aldi berean. Ondasun eta zerbitzu publikoak dira: errepideak, eskolak, ospitaleak, kiroldegiak, gizarteratzeko zerbitzuak...